Historia, kultura eta identitatea sustatzen ditugu.
Nortzuk gara
Lanbroa Kultur Elkartea Bergaran sortutako elkartea da, euskal kulturaren, historiaren eta ohituren ezagutza zabaltzea helburu duena. Gizartean eragiteko tresna gisa ulertzen dugu kultura, eta horren bidez herrigintza eta bizikidetza sustatu nahi ditugu. Gertutasuna, parte-hartzea eta lankidetza oinarri hartuta, ezagutza eskuragarri jartzea dugu xede.
Zer egiten dugu
Euskal historiari eta kulturari lotutako ekimenak antolatzen ditugu, Bergarako eta inguruetako herritarrei jakintza hori modu eskuragarrian eskaintzeko. Bergaran hitzaldi-afariak egiten ditugun elkarte bakarra gara, eta hori da gure bereizgarrietako bat. Ekitaldi hauetan, hizlariekin solasteko eta zuzenean galderak egiteko aukera ahalbideratzen dugu. Halaber, herriko beste elkarte batzuekin elkarlanean dihardugu, komunitatean eragin zuzena izan dezaketen ekitaldiak antolatuz.
Misioa
Euskal kultura eta historia ezagutaraztea eta zabaltzea da gure misioa. Helburua ez da iragana epaitzea, baizik eta historiaren bidez gure iragana hobeto ulertzea eta gizartearen garapenean sakontzea. Kulturaren bitartez Bergarako gizartea aberasteko konpromisoa dugu, elkarbizitza eta herrigintza sustatuz.
Baloreak
Komunikatzen duguna arduraz eta zehaztasunez egiten dugu.
Iturriak, hipotesiak eta iritziak beti bereizten ditugu, historiaren sinesgarritasuna bermatzeko.
Euskara ardatz hartuta, euskal historiaren, ohituren eta sinboloen transmisioa da gure misioa.
Historia ez da ipuin bat: galderaz eta ikerketaz osatutako zientzia da.
Ez dugu informazioa ezkutatzen.
Iraganeko alde ilunak argitara ekartzea eta irakurketa kritikoa egitea dugu helburu — deserosoa bada ere.
Giro irekia eta hurbila: herritarrek galderak egin eta ikuspegiak partekatzen dituzte.
Ezagutza guztion artean eraikitzen da.
Kulturak komunitatea sendotzeko indarra du.
Tokiko elkarteekin elkarlanean dihardugu, Bergaran eta inguruetan eragin positiboa izateko.
Lanbroaren esanahia
“Ezagutza txiki askorekin,
jakintzaz blai.”
Lanbroak gutxika-gutxika bustitzen du ingurua — ia oharkabean, baina eragin iraunkorrarekin. Kulturak ere horrela jarduten du: ezagutza etengabe eskuratzen eta zabaltzen joanez, komunitatea kulturalki aberasteko eta sendotzeko.
Ibilbidea
Martxoaren 8an sortua, sortze manifestua sinatuta. Lehen hitzaldi-afariak prestatzen.
Lehen hitzaldi-afariak eta LEHEN KARLISTALDIA hitzaldi sorta. Lehen bisita gidatua: Gipuzkoako Artxibo Historikoa, Tolosan.
MITO ETA EGIAREN ARTEKO UR NAHASIETAN eta POPULISMOA sortak. Santa Marinako eguzkitze hirukoitzaren bisita.
ARKEOLOGIA: IRAGANAREN ZIENTZIA FORENTSEA sorta. 15 hitzaldi-afari eta 895 entzule dagoeneko.
Bazkidetza
Lanbroa Kultur Elkartea euskal kulturaren inguruko interesa duten guztientzat dago zabalik. Ezagutza eskuratu eta partekatu nahi dutenentzat topagunea eskaintzen dugu. Bertan, ikuspegi berriak landu eta eztabaida aberasgarriak garatzeko aukera dago. Euskal kulturaren transmisioa bermatu eta sakontzea da gure helburua, eta hori parte-hartzea sustatuz eta elkarlana indartuz egingo dugu posible.
Egin zaitez bazkideSortze manifestua
Arando inguruko haien lekukoa hartzera goaz — etorkizuna egunero hasten delako.
XX. mendearen lehen laurdenean, Bergara txiki batean, oso bertakoa, aktiboa baina mugatua, gehien bat euskalduna, herri klasista, sexista, oso erlijiosoa eta itxi batean, gizartea aldatzen hasi zen modernizazio orokor baten eskutik, eta aldaketa horretan garrantzi handia izan zuen abertzaletasunaren zabalkundeak.
Gerraren aurretik eta gerra ondoren, diktaduren menpe eta demokrazietan, Arando tabernaren inguruan sortutako taldekoek eta ondorengokoek etengabe zabaltzen hasi ziren ideologia haura, Abertzaletasuna, nagusiena da gaur egun eta guztiz errotuta dago gure herrian.
XXI. mende hasieran, hainbat aurrerakuntza, modernizazio eta normaltasun lortuta zeuzkan gure herriak bai kultura eta politika alorretan, bizikidetzan, baita gure hizkuntza eta hezkuntza alorretan, ekonomia eta kiroletan, aisialdian eta bizitzaren hainbat esparrutan.
Baina gaur egun, XXI. mendearen lehen laurdena bukatzear, Bergaratarrok erronka berri batzuei egin behar diegu aurre:
- Gizonezko eta emakumezkoen arteko benetako berdintasuna behingoz lortzea,
- Hizkuntza pluraltasuna, euskara eta gaztelaniaz gain, beste asko dauzkagu herrian, batzuk urrutikoak, eta honek euskararen erabileran eragina dutena,
- Gaurko bergaratar askoren jatorrizko eta atzerriko herrialde aniztasunaren ondorioak,
- Baita afektibitatea, sexualitatea eta genero aniztasuna, eta guztion eskubideak bermatzearena,
- Eta erlijio eta sinismenen aniztasunarena,
- Eta ingurumena babestu beharraren garrantziaz konturatzearena,
- Eta globalizazioagatik etorri zaizkigun orain arte arrotzak eta urrinekoak ziren ohituren eragina,
- Eta interneten aukerak eta arriskuak, Etabar.
Erronka guzti hauek beharrezkoa egiten dute gizarte aktibo bat izatea, baita batzuetan beligerantea ere.
Hor kokatu nahi gara, herrigintzan, Bergararen alde lan egitea nahi dugu, kulturalki aktiboa izan dadin, gure kultura, ohiturak, sinboloak, historia eta hizkuntza zabaldu nahi ditugu, euskara gure gizartearen bereizgarri nagusietako bat izaten jarraitu behar duela sinisten dugulako. Gure hizkuntza delako, gure berezko hizkuntza. Ez euskaldunok daukagun bakarra delako, baizik eta gure herria delako hizkuntza honek duen Herri bakarra. Baina herrigintza ez da hori bakarrik.
Bergara berdinzale bat nahi dugu, Aniztasuna errespetatuko duena, ingurumena errespetatuko duena, partehartzailea eta integratzailea, bertan zoriontsu bizitzeko erakargarria.
Arando inguruko haien lekukoa hartzera goaz. Etorkizuna egunero hasten delako.
Bergaran, 2023ko Martxoaren 8an.
Balore hauek zurekin bat egiten badute, bi modu daude parte hartzeko.
